Bi ekitaldi eta bazkaria Bertso Egunean

2018/01/12
Mungian ospatuko da urtarrilaren 27an. Arratsaldeko jaialdirako zein bazkarirako txartelak eskuragai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian.

Urtebeteko etenaren ostean berrartuko du urteroko hitzordua Bertso Egunak. Iaz iragarri moduan, Donostiatik herrialde osora zabaltzeko apustuari helduko dio aurrerantzean eta hala Mungian izango da aurten. Urtarrilaren 27an izango du hitzordua. Bertso Egun ibiltariaren lehen edizioa antolatzeko Mungiako Udalaren eta Taket Bertsolaritza Alkartearen laguntza izan du Bertsozale Elkarteak.

Eguerdiko bazkarirako txartelak eta arratsaldeko jaialdirako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Bazkaltzeko txartelak 20 euro balio du; jaialdikoa 10 eurotan izango dugu Bertsozale Elkarteko bazkideok, 8 eurotan gazteek eta 12 eurotakoa da sarrera arrunta.

Kantuen letra sorkuntza eta bertso idatziak helduleku hartuta dator aurtengo Bertso Eguna. Lehen ekitaldia eguerdian izango da Torrebillela eraikin ezagunean. Alaia Martinen esanetara musikarien eta bertsolarien arteko gogoeta egingo da. Bertan parte hartuko dute Rafa Rueda eta Maria Rivero musikari eta abeslariek eta Jon Maia bertsolariak. Jarraian, poteoa izango da Mikel Barandiaranek eta Julene Otegik girotuta, eta aurtengo Bertso Egunaren gaiari lotuta, bertso jarrien hautaketa bat abestuko da.

Otorduaren proposamena aldatu da ohiko Bertso Egunetik. Zaleak hiru taldetan banatuko dira egindako hautuaren arabera. Bertsozale guztiak herriko plazan bilduko gara eta Bertsozale Elkarteko eta Taket bertsolaritza Alkarteko lagunek lagunduko gaituzte elkarte bakoitzera. Bikote bana ariko da kantuan elkarte gastronomiko bakoitzean: Julio Soto eta Onintza Enbeita Ehiza eta Arrantza Elkartean, Sustrai Colina eta Miren Amuriza Anaitasuna Elkartean eta Igor Elortza eta Jone Uria Guri Zer elkartean. Jatekoa berbera izango da hiru elkarteetan: urdaiazpikoa, solomoa eta patea; euskal untxia saltsan; euskal pastela eta helatua; kafea eta kopa. Gogoratu, ez hasi dagokizuen elkartearen bila, errazena ordubietan plazara joatea izango da.

Jaialdian bost bertsolarik parte hartuko dute: Amets ArzallusManex AgirreSebastian LizasoOihana Bartra eta Unai Iturriaga bertsolariek. Alaitz Rekondok jarriko dizkie gaiak. Artista gonbidatuak ere izango dira: ez ditugu denak aurreratuko, baina besteak beste, bertan izango dira Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzerkilariak, Adrian Garcia de los Ojos musikaria eta Jon Martin bertsolaria.

Arratsaldeko emanaldiaren ondotik festak izango du jarraipena. Urtarrilaren 27a gorde zure agendan.