Bertso Udalekuen izen-ematea, astelehenetik aurrera
Orio, Irañeta, Muxika, Idauze-Mendi eta Zuhatza izango dituzte aukeran 2018ko Bertso Udalekuetan izena eman nahi duten lagunek. Hilabetearen hasieran eman zen txanda guztien berri eta udako egonaldia non pasa nahi den erabakita, astelehenetik aurrera izango dute izena emateko aukera lehenengo gaztetxoek.
Izan ere, bertso-eskolako kide diren gaztetxoei edota gutxienez gurasoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenei zabalduko zaie izen-ematea astelehenean eta lehentasuna izango dute martxoaren 23ra arte; gainerakoek martxoaren 26ra arte itxaron beharko dute eta apirilaren 13ra bitarte izango dute abagunea. Izena emateko 943 69 41 29 zenbakira deitu beharko du interesdunak edota www.bertsozale.eus atarian bertan egin dezake, horretarako propio prestaturiko orria beteta. 9:00etan zabalduko da.
Apirilaren 20a baino lehen emango zaie erantzuna izena eman duten guztiei, euren izen-ematearen eta txandaren berri emateko.
Hezitzaileen izen-ematea, itxita
Ia hilabete izan dute zuzendari, sukaldari edota begirale lanetan aritu nahi duten hezitzaileek zein praktiketara joan nahi dutenek izena emateko. Martxoaren 21a baino lehen erantzungo zaie guztiei.