Bertso-eskolan, bertso doinuak eta kantaera landu nahi?

2018/02/14
Edota raparen inguruko hitzaldiaz gozatu, edo gai-jartzailetzaren lana gehiago ezagutu. Helduen bertso-eskolentzako interesgarri izan daitekeen ikastaro eskaintza dakar Bertsozale Elkarteak.

Helduen bertso-eskolentzako baliagarri eta interesgarri den ikastaro sorta berria aurkeztu du Bertsozale Elkarteak 2018rako. Gune horietan bertsolaritza ertz ezberdinetatik lantzeko ikastaroen antolaketa sustatu nahi da eta horretarako erraztasunak ematen ditu elkarteak.

Ikastaro sorta bat eskaintzen da aukeran, baina horietaz harago proposamen berriak ere egin ditzake bertso-eskola interesdunak. Bertso-eskola bera izango da antolatzailea eta, beraz, tokian tokira egokituz eta ikastaro emailearekin adostuz itxuratuko da ikastaro, hitzaldi edo tailerra. Horren arabera ikusiko da, besteak beste, talde barrurako ikastaro gisa eskaini, herri mailara zabaldu, beste zenbait bertso-eskolako kideekin batera parte hartu...

Jada zehaztuta dauden hitzaldien artean denetariko gaiak topa daitezke. Raparen inguruko hitzaldia prest du Odei Barrosok: rap abesti bat egiteko beharrezko diren oinarriak landuko dira ikastaro honetan eta horiek dantzan ere jarriko dira, rap kopla bat sortzeko. Bertso doinuak eta kantaeraren gainekoak landuko dira Eñaut Agirrerekin: kantaerak zuzeneko komunikazioan duen garrantzian jarriko du arreta. Umoreari helduko dio Ane Labakak, generoaren ikuspegia helduleku dela. Umoreak bistara ditzakeen botere harremanetaz jabetuarazi eta egun umorea bertsolaritzan nola agertzen den azalduko du. Maite Berriozabalek gai-jartzailearen eginbeharrekoak azalduko ditu: plazako bertso-saioen diseinu eta gauzatzeari buruz ariko da, gai-jartzailearen ikuspuntutik. Eta Iñaki Aurrekoetxeak epailetza lana ezagutaraziko digu, epai-irizpideak azalduz eta horiek eztabaidatu eta praktikan jarriz.

Ikastaroen iraupena ordu eta erdi eta bi ordu bitartekoa izango da. Finantzaketa erdia Bertsozale Elkarteak lagunduko du.

Informazio gehiagorako eta eskaeretarako helbidera idatzi behar da.

[Deskargatu informazioa]

Proposamen berriak ere egin ditzake bertso-eskolak.