Saioa Alkaizak irabazi du Altsasuko saioa, eta finalerako sailkatu da
Altsasun jokatu da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa, Iortia Kulturgunean bildu diren 250 entzule ingururen aurrean. Sei bertsolari aritu dira bertan kantuan, zozketak erabakitako ordenean: Patxi Castillo Graciarena, Sarai Robles Vitas, Eneko Fernandez Maritxalar, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Saioa Alkaiza Guallar eta Saats Karasatorre Martinez. Zigor Gartzia "Zian" aritu da gai-jartzaile lanetan, eta epaile, berriz, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du saioa, Altsasuko Udalarekin elkarlanean.
Saioko ariketa puntuagarri guztiak eginda, Saioa Alkaizak eskuratu du puntu gehien (506,5), eta horrenbestez, saioa irabazi eta abenduaren 2an Iruñean jokatuko den finalerako sailkatu da. Haren atzetik gelditu dira Saats Karasatorre (470,5) Sarai Robles (468,5), Eneko Fernandez (465), Ekhiñe Zapiain (464) eta Patxi Castillo (445,5). Hau izan da beraz gaurko saioak utzi duen sailkapena:
1. Saioa Alkaiza Guallar (506,5)
2. Saats Karasatorre Martinez (470,5)
3. Sarai Robles Vitas (468,5)
4. Eneko Fernandez Maritxalar (465)
5. Ekhiñe Zapiain Arlegi (464)
6. Patxi Castillo Graciarena (445,5)
Heldu den larunbatean jokatuko da bigarren finalaurrekoa, Agoitzen. Hirugarrena eta azkena, aldiz, azaroaren 19an izango da, Lesakan. Bietarako zein finalerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.