Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Beñat Gaztelumendi txapeldun

2015/12/17
Buruz burukoan Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi aritu dira. 7.000 ikus-entzuletik gora bildu dira Donostiako Ilunben, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala jarraitzera.

Beñat Gaztelumendiri jantzi dio txapela Inaxi Etxabek 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. 1012 puntu lortu ditu Gaztelumendik, buruz burukoan Alaia Martinekin kantuan aritu eta gero.

Oihana Iguaran, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Agin Laburu, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa"Alaia Martin eta Jon Maia aritu dira Donostiako Ilunben, Saroi Jauregiren gidaritzapean. Zortzi bertsolariek kartzelarekin amaitu dute egin beharreko ariketa sorta eta hortik buruz burukorako sailkatu dira Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi. 1012 punturekin, Gaztelumendi da Gipuzkoako txapeldun berria.

BERTSOLARIA PUNTUAZIOA
Beñat Gaztelumendi Arandia
1012
Alaia Martin Etxebeste
993
Agin Laburu Rezola
614,5
Iñaki Apalategi Astigarraga
603,5
Unai Agirre Goia
595,5
Oihana Iguaran Barandiaran
594
Jon Maia Soria 586
Arkaitz Oiartzabal Agirre "Xamoa" 571,5

Inaxi Etxabe oikiarrak jarri dio txapela Gaztelumendiri. Plazetan tokia izan ez duten emakumeak ordezkatu ditu Etxabek. Txapela jartzeko momentua bertsoa botatzeko ere baliatu du, txapeldunak agurra bota aurretik.

7.200 lagun inguru hurbildu dira Ilunbera. Beste hainbatek ere www.bertsoa.eus eta www.eitb.eus –etik jarraitzeko aukera izan dute sarean zuzenean, eta baita telebistan ere, ETB 4 katean.

Bihar, Hitzetik Hortzera berezia eskainiko du ETB 1ek. Txapeldunaren hitzak jaso ditu telebista saioak eta saioko bertsoaldiekin batera izango dira entzungai bihar 15:00etatik aurrera.

Talde antolatzailearen izenean, eskerrak eman nahi zaizkie bertsolari, epaile, gai-jartzaile, antolatzaile, babesle, laguntzaile eta saioak hartu dituzten tokian tokiko udalei eta bertso-eskolei.

Txapeldunaren agurra:

Mila esker Iker Alustizari

Esoain ta Sukiari

Eizagirretar bixkiei eta

Hernaniko kuadrillari.

Ume beldurti hau jartzearren

erratz batetik kantari

zuek bezela bertso-eskoletan

ari da jende ugari.

Konpromisoa eta jolasa

hitza direnez gauza bi

bertso-eskolaz bertso-eskola

belaunaldiz belaunaldi.

Hau zuentzat da zeratelako

ahots ematen ari

isilik egon behar zuela

esaten ziotenari.

:

 

.

Beñat Gaztelumendiri jantzi dio txapela Inaxi Etxabek