Gipuzkoa

Beñat Mujikak irabazi du Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

2016/04/18
Aizpea Garmendia geratu da bigarren Eibarko Coliseoan izandako saioan. Ekainaren 4an Ereñozun egingo den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan abestuko dute Beñat Mujikak eta Garmendiak. Arratsaldean, Bertso Eskolen egunaren harira, jolasak eta tailerrak izan dira.

Eibarren ospatu da Eskolarteko Bertsolari Txapelketa eta Bertso Eskolen Eguna.  Gipuzkoa osoko  200 haur izan dira parte hartzen. Goizean, Gipuzkoako Eskolarteko bertsolari txapelketa jokatu zen Coliseoan eta, arratsaldean,  Bertso Eskolen Egunaren harira prestatutako jolasak izan zituzten gaztetxoen gozagarri.

Eskolartekoaren finala

 11:30etan hasi zen txapelketako saioa eta kanporaketatik sailkatutako zortzi bertsolariak aurkeztu zituen Mikel Artolak: Aizpea Garmendia,  Andoni Mujika,  Ane Peñagarikano,  Beñat Mujika,  Gontzal Belategi,  Itziar Mendia,  Libe Goenaga eta Urko Arregi.

Ainhoa Mujika, Amaia Otxotorena eta  Martin Aramendi izan ziren epaile eta Nerea Urra idazkari lanetan.

Bat-bateko saioan   Saroi Jauregi izan zen gai-jartzaile. 300 entzule inguru bildu ziren Amaia Antzokian. Beñat Mujika izan zen txapelduna eta Aizpea Garmendia txapeldunorde. Beraz, ekainaren 4ean, Ereñozun, ospatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako finalean abestuko dute biek.

Bertso eskolen eguna

Goizeko 10:30etan iritsi ziren autobusak eta kamiseten banaketarekin gorriz tindatu ziren Eibarko kaleak. Usartza txistulari bandakoek  lagunduta joan ziren bertso eskoletako kideak Coliseora. Saioa entzun eta bazkalostean txoko desberdinetan jolasak eta tailerrak izan ziren.