Arrakastatsua izan da Eskolatik Oholtzara ekimenaren 1. saioa
"Eskolatik Oholtzara" Bizkaiko Bertsozale elkarteak eta Zenbat Gara elkarteak elkarlanean antolatu duten proiektu berria da. Saio bi izango ditu 2014-2015 ikasturtean, eta atzo arratsaldean izan zan lehenengo saioa, arrakasta handiz. 300 ikusle bildu ziren guraso eta parte-hartzaileen artean.
Bilboko ikastetxeetan bertsolaritza lantzen dabiltzan ikastetxe eta bertsolari gazteen lana ikasgelatik atera eta oholtzara ekartzea du helburu nagusi ekimen honek. Bertsolari gaztetxoek parte-hartze zuzena izan dute prestaketa lanetan.
Eskolatik oholtzara, 1. saioaren kronika
Arratsaldeko bostak inguruan jende eta bertso-ikasle gazteek inguratu dute Kafe Antzokia. Azkenengo galderak, azkenengo zalantzak argitu eta dena prest.
Urretxindorra Ikastolako ikasleen taldeak Euskal Herriari buruzko bertso-musikatu batzuk abestu dituzte, Ikastolan orain arte izan duten bilakaera kontatu dute eta“Bailando” abesti ezaguna moldatu dute, besteak beste.
Karmelo ikastolako kideek Esne Beltza musika taldearen abesti ezagun bati letra aldatu eta abestiarentzako koreografia asmatu dute, bertso-rap batekin elkarrizketak antzeztu dituzte.
Bertsolariak ere izan dira bat-baten, eta hauek ere giroa alaitu dute. Ziri sartzen aritu dira, zirtolari. Jone Uria Albizuri eta Etxahun Lekue Etxebarriak umorez abestu dute. Parte-hartzaile gaztetxoak, gurasoak, irakasleak... denak aipatu dituzte bertso bidez Kafe Antzokian batu direnen barre algarak eraginez.
Bertsoekin hasi arren, kantuz amaitu da Eskolatik oholtzararen lehenengo saioa. Beñat Aiartza gitarra joleak kantu herrikoiak ere jo ditu ikusleen ahotsei lagunduta; "Furra furra" kantu herrikoi ezaguna, "Ai Zapotxin" gazteen ikasgelan ikasi dutena eta "Euskaraz Bizi nahi dut" Esne Beltzaren kantua.
Bigarren hitzordua
- Data: maiatzak 20
- Ordua: 17:30
- Ikastetxeak:
- Garcia Rivero ikastetxea
- Kirikiño ikastola
- Deustuko ikastola