Bertso Eguna

Hasieran Donostiako Udaleko Kultur eta Turismo Ekintzetxeak antolatuta eta gero Bertsozale Elkarteak Udalarekin elkarlanean, ia urtero egin izan da Bertso Eguna. Urtebeteko atsedena hartuta, 2018an izaera ezberdinarekin itzuli zen: Euskal Herri guztian eragin nahian, egitasmo ibiltaria da egun.

1968. urtean hasi zen antolatzen. Donostiako San Sebastian jai egitarauaren barruan bertso ekitaldi berezi bat antolatzea erabaki zuen Kultur eta Turismo Ekintzetxea erakundeak. Arrakastatsua izan zenez, antolatzen jarraitzea erabaki zuen. Bertsolari Eguna izena zuen orduan, eta garaiko hainbat bertsolariren omenaldi eguna izaten zen. 1987an Bertsozale Elkarteak hartu zuen antolatzeko ardura, beti ere Donostiako Udalarekin elkarlanean.

1995ean omenaldi kutsua alde batera utzi eta bestelako izaera hartu zuen egunak. Hala, izena ere aldatu zitzaion eta Bertso Eguna izatera pasa zen. Donostian urte askoan egin eta 2017ko etenaren ondotik, Euskal Herri osotik ibiltzen den egitasmo ibiltaria da egun, Bertsozale Elkartearen oinarrizko helburuekin bat eginez: herrialde osoan eragitea.

2021ean hiru Bertso Egun antolatu genituen - bi gauzatu ahal izan ziren azkenean -, pandemiak eragindako egoerari erantzunez, plaza indartzeko elkarteak egindako apustuaren baitan.

2022koa martxoan egin zen, pandemiari lotutako baldintzak hobeak izanda; eta 2023an berriro heldu zaio egun osoko planari eta urtarrileko ohiko hitzorduari.

BertsoEguna_collage