Martxoaren 12an, Argantzunen, Arabako Bertso-Kuadrilla artekoaren bukaerako jaia
Urtarrilaren 16an Trebiñun aurkeztu, eta sei asteburuz elkartu dira Arabako bertso-kuadrillak. Izarran, Laudion, Araian eta Zalduondon, Kanpezun, Errekaleorren eta Oionen, hiruzpalau talde biltzeko eta kantuan aritzeko arrazoi izan da bertsoa. Eta baita esperimentatzeko arrazoi ere; bertsoei ahalik eta zukurik handiena atera nahian, era guztietako ariketa berritzaileak proposatu dituzte talde antolatzaileek: kirolarekin lotutakoak (bertsotloia, bertso-boloa, herri-kirolak bertsotan), lehiarako aukera ematen zutenak (kopla lehiaketa, bertso-guda) eta musikarekin (trikia eta gitarra). Bertsoarekin dibertitzeko modu berriak ezagutu ditugu, beraz.
Erretiratu aurretik, martxoaren 12an, larunbat honetan egingo du amaiera-festa Kuadrilla artekoak, Argantzunen, Trebiñun. Goizean hasi eta iluntzera arteko egitarauaren barruan, bertsoa eta jai-giroa izango dira nagusi. Kuadrilla artekoan parte hartu duten 14 taldeek bertan elkartuko dira, horixe baita amaierako egunaren helburua: Arabako bertso-mugimendu osoa leku batean kontzentratzea. Ez etorkizunaz hausnartzeko edo txapelketa baten finala ikusteko; kantuan egiteko, eta kantuan eginez ondo pasatzeko. Eta noski: kuadrilla artekoan parte hartu ez dutenentzat ere deialdia irekita dago.
Autobusez Argantzunera joateko aukera dago, eta goizeko 11:30ean dute taldeek hitzordua dago. Ordutik aurrera, atsedenik ez: goizean bertso-erronkak, bazkalostean saio musikatua eta bertso-guda, eta arratsalde-iluntzean Orkresta elektrotxaranga eta bertso-ragga. Tartean, txosna, bazkaria, eta giro paregabea. Aurtengo edizioa bukatzeko aurreko azken bertso-ostikoak emateko aukera hoberik ez dago.
Bazkarian, edo autobusean izena emateko araba.sustapena@bertsozale.eus
MARTXOAK 12, ARGANTZUN
11:00etan, Autobusa Gasteizko Iparralde Gizarte Etxean 11:30ean, Argantzungo plazan, hitzordua
12:00etan, Herri osoan zehar. Bat-bateko eta idatzizko taldeekin erronkak
14:30ean, Bazkaria, plazan (Eguraldi txarra eginez gero frontoian) Bazkarian (12€) izena emateko deitu Arabako Bertsozale Elkartera: 675 70 79 71
16:30ean, oholtza gainean, Bertso-saio musikatua
17:15ean, oholtza gainean, Bertso-guda
18:30ean, ORKRESTA Elektrotxaranga herrian zehar
20:30ean, Bertso-ragga, Ansotegi tabernan