Bertsoa Bizi Gazte egitasmoa indartuta datorren ikasturtean
Bertsoa Bizi Gazte egitasmoarekin hainbat institutuk egin dute bat azken urteotan: Ikasbidea, Langraitz Badaia, Koldo Mitxelena, San Viator, Murgia… Ikastetxe horietako hainbat ikaslek hartu dute parte bertso tailerretan, edo tailerren osteko bertso saioetan. Bertsoa gaztetxoen esparruan zabaltzeko modu eraginkorra izan da orain arte.
Hala ere, bai Elkartetik akuilatuta, bai gazteen beraien ilusioak aginduta, egitasmoa indartuta itzuliko da datorren ikasturtean. Aspaldiko kezka da euskararen aurrerabidean: ikasgelako eremura mugatzen da hizkuntzaren esparrua. Askotan, bertan lantzen da, eta kitto: klasetik irteterakoan bukatu da. Bertso-kontuekin ere antzera gertatzen da, zoritxarrez.
Ikasgelaren eta aisialdiaren arteko zubi-lana egitera etorriko da, beraz, “Bertsoa bizi gazte” proiektua. Eskola barruko tailerretan parte hartu duten, eta bizi izan dutenari jarraipena emateko gogoa duten gazteekin lan berezia egitea da helburua: gertuko bertsolari gazteak izango dira erreferentzia, sormena lantzeko aukera izango dute, eta euskaraz ari diren bitartean, euskaraz ari direla ahaztu ere egingo dute, presiorik gabe…
Ikastetxearen beraren, eta ikastetxeko guraso elkartearen konpromisoa eskatzen duen programa da “Bertsoa bizi gazte”. Eskola-komunitatearen barruan kokatzen da, baina bilatzen du komunitate horren mugetatik haratago joatea ere. Azken finean, plaza du azken helburu: gazteak jendaurrean jartzea, eta zertarako gai diren erakus dezaten animatzea. Zubi lana egiteko helburu irmoa du, azken finean. Tartean, noski, Araban gero eta ugariago diren bertso-eskolek eskainiko diete hasiberriei behar duten babesa.
Egitasmo honen gaineko informazio gehiago nahi duen edonork, Arabako Bertsozale Elkartearekin harremanetan jartzea besterik ez du.