Bertsotan has dezagun ikasturtea
Eskolarako itzulera arinagoa egin zaie Fleming ikastetxeko haurrei. Hasi eta berehala bertso-saioaz gozatzeko aukera izan dute 6 eta 7 urteko ikasleek, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen eta Mintzola Fundazioaren egoitza den Subijana Etxean.
09:30ean abiatu da bertso-saioa: Amaia Agirre eta Tolosaldeko bertso-eskolen Harituz taldeko Oihana Iguaran, Unai Mendizabal eta Haritz Mujika izan dira bertsotan. Bakoitzak agur bana botata, euren txikitako argazkiekin eta eskolako egoerei lotutako ofizioekin osatu dute saioa. Ikasleek ere izan dute parte hartzeko aukera, asmakizunetan jolastuz: bertsolariei belarrira hitza esan, eta bertso batean emandako zantzuekin ikusleek asmatu egin behar izan dituzte hitz ezkutuak. Amaitzeko, jolasak egin dituzte.
Bertsolaritza ikastetxeetara hurbiltzeko lanean darrai Bertsozale Elkarteak, bereziki Gu Ere Bertsotan egitasmoarekin: hala, aurten ere 20.000 ikasle inguruk landuko dute bertsolaritza ikastetxeetan.