80 urte geroago, Ereñotzu bertsolari gazteen topaleku

2016/06/04
2016ko Euskal Herriko Eskolartekoaren bat-bateko finala Txirritaren jaioterrian, Ereñotzun, izan da gaur. Txaber Altubek jantzi du txapela eta Beñat Mujika izan da txapeldunorde.

“2016ko ekainaren 4a ez da edozein urte bertsolaritzarentzat: atzo bete baitziren 80 urte Txirrita hil zela”. Txirritaren heriotzaren 80 urteurrenaren biharamunean ospatu da Euskal Herriko Eskolartekoaren XXVIII. bat-bateko txapelketaren finala. Bertsolariari loturiko data seinalatua izanik eta bere jaioterria den Ereñotzun, Maite Berriozabalek hari aipamena eginez ekin dio saioari: “Ereñotzuko bertsolari sonatuak hementxe bota zuen bere jendaurreko lehen bertsoa, hain justu parez pare dugun etxe horretako balkoitik. Eta Txirritak bertsotan ederki asko iragarri bezala, Pixka batian ez naiz aztuko/sartuagatik lurpian/nere aipamenak izango dira/beste larogei urtian”.

Eta hark eta beste hainbat bertsozale eta bertsolarik urte hauetan guztietan egindako lanari esker, Eskolartekoak 28. urtea bete du aurten. 11:00etan hasi da bat-batekoaren finala. Oholtza gainean Arabako, Baxenabarreko, Bizkaiko, Gipuzkoako, Lapurdiko eta Nafarroako bertsolariak aritu dira. Zozketak hala aginduta, hurrenkera honetan aritu dira gazteak: Beñat Mujika Izagirre (Donostia, 1998), Nahia Sasco Etxeberri (Lekuine, 1998), Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001), Txaber Altube Sarrionandia (Abadiño, 1998), Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999), Peru Amorrortu Barrenetxea (Gasteiz, 2000), Kerman Díaz Franco (Urruña, 1998), Elixabet Etxandi Goyenetche (Izpura, 2000), Unai Mendiburu Valor (Getxo, 1998), Aizpea Garmendia Iartza (Lazkao, 1998), Oier Urreizti Lafitte (Bidarrai, 2000) eta Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001).

Hasierako agurraren ondotik, binaka ofizioko gaian jardun dira, zortziko handian lehendabizi eta zortziko txikian gero. Puntuazioz lehendabiziko 6 sailkatuek egin dute aurrera eta bakarka aritu dira amaitzeko: Aizpea Garmendia, Beñat Mujika, Joanes Illarregi, Nahia Sasco, Txaber Altube eta Xabat Illarregi. Azkenean, Txaber Altubek jantzi du txapela eta Beñat Mujika izan da txapeldunorde. Alaia Martinek jantzi dio txapela irabazleari.

Epaile taldea oholtzan zeuden herrialde bakoitzeko epaile banak osatu dute: Aitor Jimenez (Araba), Iban Thicoipe (Baxenabarre), Joseba Santxo (Bizkaia), Martin Aramendi (Gipuzkoa),  Joakin Arregi (Lapurdi) eta Nerea Bruño (Nafarroa).

Parte-hartzaile guztiek iaz Mintzolak abiatutako eta Gabonetan egingo den Ahots baten sormen egonaldia izan dute sari. Han beste ahozko kultur sorkuntzako gazteekin harremana egiteko eta saretzeko aukera izango dute.

Arratsaldean izango du jarraipena jaiak

Eskolartekoaren bat-bateko txapelketaren finalaren ondotik, bazkaria izango da Larre-gain sagardotegian. 150 bat lagun bilduko dira han Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin (ENEEK) elkarlanean prestatutako bazkaria dastatzeko. Ondoren, Agin Laburu eta Eli Pagola bertsolariak ariko dira librean kupelen artean eta gero, erromeria emanaldi berezia izango da Xabier Solano, Jon Mari Beasain, Sergio Ordoñez eta Harkaitz Bastarrikaren eskutik.

Antolatzaile eta laguntzaileak

Eskolartekoa Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dute elkarlanean, bertso-eskolen laguntzari esker.

Euskal Herriko finala antolatu ahal izateko beren laguntza eskaini duten erakundeak hauek izan dira: Ereñotzuko auzo-udala, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua, Bizkaiko Aldundia eta Eusko Jaurlaritza Hezkuntza eta Kultura Saila.

Alaia Martinek jantzi dio txapela Txaber Altube abadiñotarrari. Iturria: XDZ